Bilatu Sortu.eus-en

Bilaketa aurreratua

2025-05-13

Sortuk nazio askapen mugimenduaren onena Euskal Herriaren zerbitzura jartzeko konpromiso berritua hartu du

Herri gogoa’ iparrorratz eta Xabi Iraola Larraia gidari izango duen Nazio Idazkaritza berria aurkeztu du Sortuk Irunen, IV. Kongresuko itxiera ekitaldian, bozketetan babes zabala jaso ostean

Sortuk IV. Kongresuko itxiera batzarra egin du gaur, urtarrilak 24, Irungo Ficoba erakustazokan. Konpromiso berritu batekin heldu dio aldi berriari: nazio askapen mugimendua Euskal Herriaren mesedetan jartzea, askapen prozesuaren alde lan eginez eragile eta herri dinamiketan. Egungo fase politikoan, euskal proiektu nazionala eraberritzeko, politikaren zentzu eraldatzailearekin birkonektatzeko, eta euskal estatuaren oinarriak eraikitzeko erronkak markatu ditu. Horri guztiari ekingo dion zuzendaritza berria aurkeztu du Sortuk; Xabi Iraola Larraia koordinatzaile orokorra gidari duen Nazio Idazkaritzak babes zabala jaso du ostegunetik atzora arteko bozketetan, % 96koa. Hilabeteotan osatu eta aberastutako ‘Herri gogoa’ ponentzia izango da haien bide-orria.

Sortuko 600 militante, Euskal Herriko eragile andanatako ordezkari politiko ugari, eta nazioarteko hainbat herrialdetako gonbidatuak elkartu dira Irunen. Nazio Batzarra egin dute lehenik, eta ostean, ekitaldia. Hiruzpalau hilabeteko kongresu prozesu emankorraren ostean, batzarrean zehaztu ditu Sortuk datozen hilabeteetan egin beharreko urrats nagusiak, ‘Herri gogoa’-n jasotakoa martxan jartzeko. Ekitaldian, berriz, Sortuk datozen urteotarako erronkak eta zuzendaritzako taldea aurkeztu dituzte.

Arkaitz Rodriguezek, 8 urteren ostean, Sorturen Idazkari Nagusi izateari utzi dio. Jasotako babesa eta konfiantza eskertu dizkie bertan bildutakoei, baita “gure herri zaharrarekiko konpromisoari tinko eutsi” izana ere. Urteotan egindako bidearekin “pozik doala” adierazi du, hainbat aurrerapauso nabarmenduz: ezker abertzalearen estrategia aldaketa egonkortu eta sakontzea; presoen eta, oro har, errepresaliatuen auzia desblokeatzea eta konponbidean jartzea; EH Bildu eta EH Bai zabal eta indartsuen eraikuntzari ekarpena egitea; nazio burujabetzaren bidean jauzi baterako baldintzak sortzea; askapen prozesua une gako batera ekartzea.

Eta horri esker, “hiru aukera potentzial handi” direla azaldu du: preso eta errepresaliatu politikoen auziari behin betiko irtenbidea ematekoa; ezkerreko independentismoak indarrean diren instituzio nagusietako gobernuetara iristekoa; burujabetzaren bidean jauzi bat egitekoa. Rodriguezen arabera, erronka horiei ahalik eta eraginkorren ekiteko egin du Sortuk egokitzapen politiko eta organizatiboa. Horri heldu dion talde berriarengan konfiantza osoa azalduz eman dio lekukoa Iraolari, eta hark ere eskerrak emanez hasi du hitzartzea: Sortuko militanteei, Euskal Herritik zein atzerritik bertaratutako ordezkaritzei, azken urteotako Nazio Kontseiluari eta Rodriguezi, eta osatu berri den Nazio Idazkaritzari. Euskal preso, iheslari eta deportatu politikoen senideak ere gogoan izan ditu.

Elkarlana, Euskal Herria eraldatzeko Munduan nola, espainiar eta frantziar estatuetan ere pultsio autoritarioa indarra hartzen ari da. Horren aurrean, borrokara dei egin du, baita gehiengo sozial eta politiko zabalak artikulatzera ere. Eta, Euskal Herria ere diskurtso eta jarrera erreakzionarioetatik salbu ez dagoela jakitun, “konpromiso antifaxista berritu bat” artikulatu behar dela nabarmendu du. Baina, faxismoa borrokatzeaz gain, Euskal Herriaren eraldaketa gaitasunak eta anbizioak garatzeaz ere mintzatu da, estrategia, elkarlana eta militantzia ardatz: “Badira zumeak, badira bideak, eta badira aukerak. Hala ikusiko dugu, besteak beste, martxoaren 17an Greba Orokorrean. Euskal Herrian posible da”.

“Gu gaur hemen gaude, honaino ekarri gaituen ibilkera presente, gure bide propioak ibiltzeko.
Ezker abertzalearen proiektu politiko historikoaren sustraiak mantenduta, proiektu hori gaurkotzeko, eraberritzeko eta bide berriak irekitzeko”

Fase politiko berri horri ekiteko, Sorturen konpromiso berritua azpimarratu du: nazio askapen mugimenduaren onena, haren lan militantea, herri honen zerbitzura jartzea. “Gure lan militantearen muinean gure herriaren askapen nazionala eta soziala eskuratzeko ardura dago. Hori gara, horretarako gara”. Herria herritarrekin eraikitzea xede, nazio askapen prozesua sustatzeko eraginkorren suertatzen diren eragile eta herri dinamiketan, beste herritar eta sektore sozialekin eskuz esku arituko direla adierazi du. Eta lan hori oinarri, herri gogoa pizteko gai izango den “eskala handiko nazio bulkada bat” martxan jartzeko helburuz ere arituko da Sortu