Bilatu Sortu.eus-en

Bilaketa aurreratua

Errepresioa

Etapa guztiak

Preso eta iheslari politikoen
historia

Euskal preso eta iheslari politikoen errealitatea zaharra da gure herrian, historian gure herriaren zapalkuntza aspaldikoa denez.
Zenbat egun pasa dira Gernika bonbaz txikitu zigutenetik? Dozenaka, ehunka, 30.000 baino gehiago. 1977ko Amnistia Lege espainiarrarekin, bi astez ez zen preso politikorik egon. Segidan hasi ziren ostera espetxeratzeak. 1978az geroztik, presoak, iheslariak eta deportatuak etengabe izan ditugu. 2008an 762 euskal preso zeuden Frantziar eta Espainiar espetxeetan sakabanatuta eta urrunduta. 2010ean ezker abertzaleak estrategia aldatu zuenetik, preso, iheslari eta deportatu politikoak etxeratzeko bidea jorratzen ari da. Lau hamarkada hauetan, EPPKren ekarpen politikoa azpimarratzekoa izan da, askapen prozesuari etengabe ekarpena eginez eta konponbidearen aldeko subjektu aktiboa izanez.

1977

1936ko altxamendu faxista eta frankismoa

1936-1939ko gerran, Bilbo edo Santoñan atxilotutako asko trenetan sartu eta Puerto de Santamariaraino eraman zituzten. Ahal zuten urrutien alegia. Baina penintsulan zehar hainbat lekutan zeuden espetxeak; Sevillan, Segovian, Burgosen… Diktadura garaian, Francoren erregimenari aurre egiten zioten gizon-emakumez beteta zeuden kartzelak: Larrinaga, Ondarreta, Langraiz, Ezkaba, Saturraran, Gasteiz... Bigarren Mundu Gerratik ihesi, 1943an soilik 16.000 pertsona atxilotu zituzten Pirinioak zeharkatzeagatik.

ETAren sorrera osteko presoak eta iheslariak

1960ko irailean bi gazte arrasatear atxilotu zituzten Donostian, lehenengo aldiz ETAko kide izateko akusaziopean. Lau urte geroago, 1964ko abuztuan, estatus politikoa lortzeko borrokan murgildu ziren Carabancheleko ETAko presoak. Urte hartan hasi ziren beren eskutitz guztietako erremitean, norberaren izen abizenen ostean, “euskal preso politikoa” emendailua gehitzen.
Meliton Manzanasen aurkako ekintzaren ostean zigorrak eta espetxeetako bizi-baldintzak asko gogortu zizkieten euskal preso politikoei. Kopurua ere gora zihoan: Burgoseko Prozesuaren garaian ia 400 preso zeuden Carabanchelen, Sorian, Burgosen, Zamoran, Segovian eta Ocañan. Franco hil zenerako, ia bikoiztuta zegoen kopurua: 750.

Heriotza zigorrak eta AABen sorrera

1974aren amaieran 245 euskal preso politiko zeuden hogeita bi espetxe espainiarretan. Urtebete beranduago, 731 lagun zeuden preso, horietatik 104 emakumeak. Gehienak ETAko kideak izateagatik edo haiei laguntzeagatik zeuden espetxean. Baina baziren beste alderdi politikoetako eta sindikatuetako kideak ere espetxean.
1975ean Garmendia eta Otaegiren aurkako gerra kontseilua zela eta, haien askatasuna eskatzeko mobilizazioak izan ziren Euskal Herrian eta nazioartean. Bitartean KAS koordinadora sortu zen heriotza zigorren aurka borrokatzeko. Espetxeetan, ETAko kideek gose grebei ekin zieten. Txiki eta Otaegiren fusilamenduen eta Francoren heriotzaren ondoren, amnistiaren aldeko mobilizazioek kaleak hartu zituzten. 1976an Gobernazio Ministerioak 900 iheslariren izenekin zerrenda egin zuen, gehienak ETAko kideak. Europako enbaxadetara bidali eta denei pasaporte espainiarra emateko agindua eman zien. Apirilean, Angel Berazadiren bahiketaren testuinguruan, Ipar Euskal Herrian hainbat errefuxiatu atxilotu eta lehen deportazioei ekin zien Frantziar Estatuak, Yeu irla bretoira. 1976ko martxoaren 31an Donostian hainbat pertsonalitatek egindako agerraldian, Amnistiaren Aldeko Batzordeen sorreraren berri eman zuten.

Espainiako Amnistia Legea

1977ko abenduaren 9an irten zen Fran Aldanondo Martutenetik, espetxean geratzen zen frankismo garaiko azken preso politikoa. Franco hil ondotik, indultuen bidez presoak askatzen hasiak ziren. Euskal presorik gabeko tarte bakarra, ordea, bi astez soilik luzatu zen, abendua amaitu gabe zegoela, Xan Marguirault atxilotu baitzuten Baionan auto lapurtu batean molotov koktelak eramateagatik. Urte bereko otsailean Yeu irlako deportatuen konfinamendua amaitu zen. Maiatzean ospatutako Amnistia Astean, poliziaren errepresioak 7 hildako, 7 zauritu larri eta ehundaka zauritu eragin zituen.
Erregimen politikoa aldatu bazen ere, frankismoan hezitako kartzelazainek kudeatu zituzten frankismoko ziega berdinak. 1978an Lege Antiterrorista gogortu zuen Espainiak. Espetxeetako zuzendariak han eta hemen errepikatzen zuen demokrazia garaian preso politikoak ez omen zirela existitzen, baina salbuespenezko araudia ia salbuespenik gabe eta normaltasun gehiegiz ezartzen zuten euskal presoen kontra.

Negoziazio estrategia
eta EPPKren antolaketa

Kolektiboak bere erreferentzia politikoa konfiguratu eta bizi-baldintza duinen aldeko borrokaren garaia.
1978an hasitako fase hau, frankismoarekiko eman ez zen haustura demokratikoaren alde ezker abertzaleak egindako apustu politikoak zizelkatu zuen. KAS Alternatiban jasotzen zen eskaintza politikoa eta espainiar gobernuarekin negoziazioa zen tresna, tartean preso, iheslari eta deportatuentzat amnistia. Espainiar estatuaren errepresio estrategiak berehalako ondorioak izan zituen atxiloketekin, tortura sistematikoarekin, espetxeratzeekin eta iheslariekin. Kalean, presoen etxeratzearen aldeko mugimendu soziala indartu eta hedatu zen.

EPPKren sorrera

Kartzeletako bizi baldintzak hobetzeko borrokaldi gogorrak eta kohesio politikoa.
Espetxeetan presoek beren antolaketari ekin zioten. Garai harta hiru Komunetan: ETA (m)koak, ETA (pm)koak eta KAAkoak, erakunde armatu bakoitzeko kideak beren kabuz. Horrela izan zen 80. hamarkada hasieran, ETA (pm) disolbatu eta KAAk desagertu ziren arte. Batzarra erabakigune nagusi gisa, gehiengoak erabakitzen zuenak zehazten zuen ekinbide kolektiboa. Ekinbide juridikoari ekin zion garai hartan EPPKk, salaketak eta errekurtsoak aurkeztuz Zaintza Epaitegietan.
Bi zeregin nagusiri ekin zion kolektiboak: batetik, ekinbide politikoa. Bere erreferentzia politikoa konfiguratu eta indartu zuen. Ekarpen nagusiena gose greben bidez egiten zuen, HBren hauteskunde kanpainak babesteko, hauek negoziaziorako indar harremanean zuten garrantziaz jabetuta. Bestetik, bizi-baldintza duinak lortzeko ildoa jorratzeari ekin zioten. Soriako espetxean hasi ziren lehen borrokaldiak. Puerto de Santamaria eta Herrera de la Manchako espetxeetako borrokaldiak luzeak eta gogorrak izan ziren, gose greba eta itxialdiekin. Garai hartakoak dira Herrerako espetxera egindako martxa jendetsuak. 1984an lehena eta 1992an azkena.

PSOEren gobernua eta gerra zikina

Felipe Gonzalezen gobernuak espetxe baldintzak gogortu eta iheslarien aurkako gerra zikina gogortu zuen.
Felipe Gonzalez eta Alfoso Guerra garaile atera zirenean, gauzak aldatuko zirela pentsatu zuten euskal preso politikoek. Eta gauzak aldatu ziren, bai; baina onerako baino, txarrerako aldatu zituen PSOEk: gerra zikina kalean zabaldu zuen bezala, euskal errepresaliatuen aurkako neurri zorrotz eta bortitzak aktibatu zituen espetxeetan, poliki-poliki presoak fisikoki eta psikikoki suntsitzeko asmoz. Garai hartan ere hasi ziren damutzeak eta poliziarekin kolaborazioak saritzen, Kolektiboan pitzadurak sortu nahian.
1983an GAL sortu zen. Lasa eta Zabalaren bahiketa, tortura eta hilketa izan zen lehen ekintza. 1987 bitartean 40 atentatutik gora egin zituen eta Ipar Euskal Herrian babestuta zeuden euskal iheslariak izan zituen besteak beste jo puntuan. 25 lagun hil zituzten. Gonzalez eta Mitterrandi esker, Espainiak eta Frantziak posizioak hurbildu zituzten eta gaur egunera arte luzatu den injustizia abiatu zuten: deportazioa. 1984an 28 euskal iheslari bidali zituzten Panamara, Venezuelara, Dominikar Errepublikara, eta Togora. Hurrengo urteetan beste asko deportatu zituzten Cabo Verde, Ecuador, Gabon eta Aljeriara.

Sakabaneta

eta isolamendua

Aniztasunetik batasunera.
1989an Espainiar Estatuak eta ETAk Aljerian izandako elkarrizketek porrot egin ostean, fase berria hasi zen EPPKrentzat. Estatuak errepresio estrategia koxka bat gehiago estutu zuen sakabanaketa politikaren bidez, eta kolektiboa zatitzeko asmoz, kausa berdineko presoei tratu desberdina ematen hasi zen. Euskal Preso Politikoen Kolektiboak kontzeptu bat jarri zuen indarrean: aniztasunetik batasunera, eta zatiketa gainditzeaz gain, kolektiboa bera trinkotu zuen.

Euskal presoak Euskal Herrira

Aljerreko elkarrizketek huts egin zutenean, sakabanaketaren mapa zabaldu zuten PSOEk eta EAJk: Murcia, Segovia, Badajoz, Albacete, Huesca eta Castelló besteak beste. Baina krudelkeriaren sinbolo nagusietakoa Kanariar Uharteetako Salto del Negro izan zen. Emakume presoak, gutxiago zirenez, erabat sakabanatu zituzten. Frantzia Espainiari presoen entregak egiten hasi zen. 1995ean “Euskal Presoak Euskal Herrira” aldarria lehen lerrora eraman zuten. Leiho eta plazetan ikurrak zabaldu ziren, astebeteko baraualdiak kateatu ziren Artzai Onaren Katedralean, Donostian eta Euskal Herriko 100 udal agertu ziren sakabanaketaren kontra.
Kolektiboari ia hiru urte kosta zitzaion egoera berrira egokitzea. Tarte horretan, preso askok bakarrik aurre egin behar izan zion errepresioari. Esparru juridikoari ere heldu zion kolektiboak, Zaintza Epaitegietan errekurtsoak eta salaketak aurkeztuz. Hainbat lorpenen aurrean, Espainiar Estatuak bi neurri hartu zituen: Zaintza Epaitegi Zentral bakarra sortu zuen Auzitegi Nazionalean, espetxe politikan pitzadurarik ez egoteko. Bestetik, salbuespen legedia gogortu zuen, 7/2003 legearen bidez.

Lizarra-Garazi Akordioa. Itxaropen aldia

Lizarra-Garaziko Akordioaren testuinguruan, “Euskal presoak Euskal Herrira” leloak gorputza hartu zuen, aldarriaren aldeko babesa zabalduz. 1998ko abenduan akordioaren sinatzaileek hurbilketak eskatu zizkioten Espainiako Gobernuari Madrilen. ETAren su etenaren testuinguruan, Jaime Mayor Oreja Barne Ministro espainiarrak penintsulatik kanpo zeuden euskal presoak hurbilduko zituztela iragarri zuen eta dozenaka preso hurbildu zituzten Euskal Herrira, 105 1999an. Bitartean, euskal iheslari politikoek, ENArekin Euskal Herrira itzuliko zirela iragarri zuten.
Bitartean, Frantziar Estatuak presoen auzia “besteen arazo” gisa ulertzeari utzi zion eta euskal presoen kontrako neurriak gogortzen hasi zen.

Ilegalizazio aroa eta EPPKren ezaugarritze berria

Milurteko berrian, Batera foroa osatu zen baina hiru hilabetera EAJk zapuztu zuen plataforma anitza. Lizarra-Garaziko prozesuak porrot eginda, gatazka gordindu eta errepresioa areagotu zen. Baltasar Garzon Auzitegi Nazionaleko epaileak Amnistiaren Aldeko Mugimendua legez kanpo utzi ondoren, Askatasuna aurkeztu zen Donostian 2001ean. Gasteizen aldiz, Senideak eta Gureak antolakundeak batu, eta Etxerat elkartea jaio zen.
2002an Zigor Kodea aldatuko zutela eta zigorrik gogorrena 30 urtetik 40ra luzatuko zutela esan zuen Aznarrek. 2003an baldintzapeko askatasuna ukatzen hasi zen Espainiako Espetxe Zuzendaritza. Ordurako, euskal herritarrak kartzelatzeko arrazoiak asko ziren, ETAko kideez gain, kale borrokan, gazte mugimenduan, eragile sozialetan, periodikoetan zein alderdi politikoetan ziharduten lagunak ere espetxeratzen zituzten. Hori dela eta, EPPKren izaera ere zabaldu zen guztien neurriko topaleku eta babesgune izateko asmoz. 2004an Belodromoan argi utzi zuten bezala “denok osatzen dugu Euskal Preso Politikoen Kolektiboa, zein antolakundetan borrokan ari ginen kontutan hartu gabe”. Urte hartan ere egin zen publiko EPPKren logoa.

Bizi arteko zigorra eta errekorrak

2004an Preso Politikoen Nazioarteko Konferentzia ospatu zen Miramar Jauregian, Donostian. Bestetik, Batasunak “Orain Herria, Orain Bakea” proposamena jendarteratu zuen, gatazka konpontzeko negoizketarako bi erreileko eskema aurkeztuz. 2005ean Auzitegi Nazionalak ebatzi zuen Unai Parotek 60 urte espetxean pasa behar zituela. Ordutik aurrera, dozenaka euskal preso politikori aplikatzen hasi ziren 197/2006 doktrina (“Parot doktrina” gisa ezaguna), eskubideak murrituz eta espetxe urteak artifizialki luzatuz. Etxeratek salatu zuenez, Espainia bizi arteko zigorra ezartzeko urratsak ematen hasia zen.
Loiolako elkarrizketen testuinguruan, Iñaki De Juana presoak gose greba mugagabeari ekin zion, Auzitegi Nazionalak bere zigorra luzatzeko egindako jukutriak salatzeko. 2007ko otsailean, The Times egunkari britaniarrak bere argazkia argitaratu zuen, eskuak eta oinak ohera lotuta.
2008ko abenduan 762 euskal preso politiko zeuden EPPKn. 2009an, euskal presoak bisitatzera zihoazen senideak arakatzen hasi ziren hainbat espetxetan, horietako batzuk biluzaraztera iritsiz. 2011n Jose Mari Sagardui “Gatza” euskal preso politikoa atera zen espetxetik, 30 urte baino gehiago preso egon ostean.

Zutik Euskal Herria
eta konponbidean ekarpena

Etxerako bidean, legedi arruntaren aplikazioa aldarri.
Loiolako eta Genevako elkarrizketa prozesuek huts eginda, ezker abertzaleak estrategia aldatzeko bideari ekin zion. 2009an Argitzen ponentzia eztabaidatu zuen ezker abertzaleko oinarri sozialak eta 2010ean Zutik Euskal Herria adierazpena aurkeztu zuen. EPPKk adierazpena bere egin eta konponbide prozesuan ekarpena egin zuen, hainbat barne eztabaidaren bidez argipenak eginez eta estrategia egokituz.

Kaleratzeko prozesu dinamikoa eta mailakatua

Ezker abertzalea estrategia aldaketan murgilduta, EPPK eta EIPKk ere beren estrategiak egokitzeko lanari ekin zioten. EPPKk hainbat hausnarketa egin zituen 2011tik 2013ra bitartean. Tartean, Gernikako Akordioari [dokumentua] atxikimendua eman zion, Mitchell Printzipioak onartuz. Bestetik, amnistiaren kontzeptua egoera berrira egokitu zuen, kaleratze prozesua modu dinamiko eta mailakatuan irudikatuz.
Estatuek presoak prozesu independentista oztopatzeko bahitu gisa erabiliko zituztela jakitun, preso, iheslari eta deportatuen afera konpontzeak estrategia independentistari mesede egingo ziola ondoriztatu zuen EPPKk, eta hartarako etxeratze prozesua azkartzea ezinbestekoa zela ebatzi zuen, estatuen blokeoaren aurrean, aldebakarreko ekimenei ekinez. Ekinbide juridikoa kolektiboak bere ibilbidearen hasieratik baliatu zuen tresna izan zen, momentuko estrategiara egokituta beti. 2013an egindako barne eztabaidaren ondoren, bestelako sakontasunarekin ekin zion ibilbide horri, kaleratze prozesua errazteko helburuarekin [Dokumentua]. Horrekin batera, salbuespenezko legedia ezabatzea exijitu zuen.

Presoen eskubideen aldeko
 mobilizazio jendetsuenak

2011ko urriaren 17an Aieteko Konferentzia ospatu zen, konponbiderako bideorria aurkeztuz [dokumentua]. 2012ko urtarrilean Herrira mugimendu berriak antolatuta “Kolosala izango da” manifestazioa egin zen. Hamarkadetan presoen eskubideen alde egindako manifestazio jendetsuena izan zen, 100.000 lagun baino gehiago bilduz Bilbon. 2014an, Auzitegi Nazionalak manifestazioa debekatu ostean, EAJ, EH Bildu, Podemos eta sindikatuek deitutako manifestazioak marka guztiak hautsi zituen. Garaian, konponbiderako zegoen herri gogoaren adierazle inportanteak izan ziren mobilizazio hauek. Bestetik, nazioarte mailan, Arnaldo Otegiren eta presoen askatasuna exijitzeko “Free Otegi, free them all” kanpaina arrakastatsua egin zen. Atxikimendu ugari bildu zituen mundu osoan.
EPPKk bide legalen alde egindako apustuari errepresioarekin erantzun zion Espainiar Estatuak. Herrira mugimenduaren, kolektiboaren bitartekarien, abokatuen eta senideen aurkako polizia operazioak eta espetxeratzeak egin zituen. 2014an presoen eskubideen aldeko eta gatazkaren ondorioen konponbidearen aldeko herri mugimendu berria jaio zen, babes sozial zabalarekin: Sare. Bestetik, Foro Sozial Iraunkorraren eta Bake Bidearen sorrerak, kolektiboaren eta jendarte zibilaren arteko harremana erraztu zuen, gomendioen bidez EPPKri konponbiderako bidean lagunduz.

Herria dugu arnas

2013ko ekainaren 15ean ekitaldi jendetsua egin zuen Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboak. Dozenaka iheslari politikok “Herria dugu arnas” izeneko ekitaldian, mundutik herrira itzultzeko asmoa iragarri zuten. Lizarra-Garaziko Akordioaren garaitik ez zuen halako adierazpenik egiten kolektiboak. Batzuk, mundutik Ipar Euskal Herrira itzultzeko bideari ekin zioten. Eta beste batzuk, mundutik zein Ipar Euskal Herritik, Hego Euskal Herrira itzultzeko bideari ere bai.
Urte berean, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak ebatzi zuen Ines del Rio presoa legez kanpo zutela espetxean. 197/2006 doktrinaren amaiera izan zen eta ondorioz, dozenaka preso atera behar izan zituzten kalera. Haietako gehienak, zegozkienak baino urte dezente gehiago pasata espetxean. Baina bizi arteko zigorra ezartzen zuen salbuespenezko neurri garrantzitsu bat bertan behera geratu zen. Espetxetik irtenda, preso ohi horiek Durangon adierazpena irakurri zuten estrategia aldaketa eta konponbide prozesua babestuz.

Ibilbide juridikoan murgiltzea

Estatuen blokeoaren aurrean, ezker abertzaleak 2015ean “Abian” [dokumentua] eztabaida prozesua egin zuen. Norabide horretan, 2017an EPPKk barne eztabaida egin zuen [dokumentua] 2013an erabakitako norabidean sakontzeko asmoarekin. Ibilbide juridikoan murgiltzeko erabakia hartu zuen, egitasmo oso baten bultzatuta. Iniziatiba horrekin, estatuaren estrategia baldintzatu nahi zuten, bere eremuan aurre hartuz. Bestetik, Euskal Herriko gehiengo sozialarekin konektatzeko xedea zuen.
ETA 2017ko apirilaren 8an armagabetu ostean, Bakearen Artisauek eta Sarek “Orain Presoak” dinamika jarri zuten martxan. Azaroan 11.000 euskal herritar manifestatu ziren Parisen presoen auzia konpondu beharra aldarrikatzeko. 2018an, Frantziar Estatuan sakabanatuta zeuden euskal preso politikoak kartzela gutxi batzuetan elkartzen hasi ziren, EPPKrekin hala hitzartuta.
Mont-de-Marsan eta Lannemezan espetxeetan bildu zituzten gizonezko gehienak eta Rennesen emakumezkoak.

Sakabanaketaren amaiera
eta etxerako bidea

Kolektiboak aurrez etxeko lanak eginda, Espainiako Gobernuarekin irekitako aukera leihoak abiada eman dio konponbiderako aukerari.
2018ko maiatzean ETA erakundeak bere desagerpena iragarri zuen Arnagako nazioarteko topaketaren ostean. Urte berean, Espainiako Gobernuan gertatutako aldaketa aukera leiho gisa ulertuz, EPPKk iniziatiba hartu zuen eta Euskal Herrian zein Madrilen bide mobilizatzaile eta diplomatikoak indartzearen ondorioz, euskal preso politiko guztiak Euskal Herriko espetxeetara ekarri ziren 2020tik 2023ra bitartean. Hala, 35 urte iraun zuen sakabanaketa eta urruntze politikari amaiera eman zitzaion. Politika horrek 16 senide eta lagun hil ditu errepideetan.

EAEko espetxe eskumena

2021eko irailean, Espainiako Gobernuak EAEko espetxeen kudeaketa eskumena Eusko Jaurlaritzaren esku utzi zuen. Honek, espetxe eredu irekiago baten aldeko apustua egin zuen, presoen birgizarteratzea errazteko helburuarekin. Hala, espetxe baimenen eta gradu progresioen politika aurrerakoiago baten bidez, Zaballa, Martutene eta Basauriko espetxeetan zeuden euskal presoak, pixkanaka kaleak zapaltzen hasi ziren.
EPPKko kide guztiak Euskal Herriko espetxeetara ekartzeak baimenen eta gradu progresioen bidezko garapena erraztu zuen. Hala ere, ez zen erraza izan bidea. Auzitegi Nazionalak espetxeetako tratamendu batzordeek egindako gradu progresio eskaera batzuk errekurritu eta atzera botatzen hasi ziren. Preso batzuk, behin hirugarren graduan kalean egonda, espetxera itzuli behar izan ziren gradu erregresioen ondorioz. Xabier Atristainen edo Joseba Arregiren kasuak paradigmatikoak izan ziren.

Konponbideari ekarpena ongi etorri publikoei uko eginez

2021eko urriaren 18an, Aieteko Konferentziaren 10. urteurrenean, Arnaldo Otegik eta Arkaitz Rodriguezek Urriaren 18ko Adierazpena irakurri zuten [dokumentua]. Presoen auziaren konponbidea exijitzeaz gain, ETAren biktimei mina eta atsekabea azaldu zien jasandako sufrimenduagatik.
2021eko abenduan EPPKk agiri bidez jakin arazi zuen [dokumentua], ETAren biktima batzuk zintzoki egindako eskariari kasu eginez, espetxetik irtetzean harrera modu pribatu eta diskretuan egitea nahi zutela, jada egiten ari ziren norabidean sakonduz. Hala, modu eraikitzailean eta arduratsuan jokatzeko zuten borondatea berretsi zuen kolektiboak. Biktimen sufrimendua arintzeko, zauriak sendatzeko eta elkarbizitza eraikitzeko nahia ere adierazi zuen EPPKk.

Argala taldearen askatasuna eta zigor zenbaketen tranparen amaiera

Frantziar Estatuan zeuden euskal preso politiko gehienak Mont-de-Marsan eta Lannemezanen batuta eta EAEko espetxe eskumena eskuratuta, presoen auzia konpontzeko bidean zen Frantziar Estatuan. Baina baziren hiru kide bizi arteko zigorrarekin, 30 urtetik gora zeramatenak espetxean eta kalera ateratzeko espektatiba eskasekin: Argala taldeko kide Jakes Esnal, Xistor Aranburu eta Jon Kepa Parot. Bakearen Artisauek eta Bake Bideak hiruren askatasunaren aldeko kanpaina azkar bati ekin zioten, Gobernuarekin eta fiskaltzarekin harremanak garatzen ziren bitartean. 2023an baldintzapean aske geratu ziren azkenean, borrokari esker.
2014an Espainiako Gobernuak Europako zuzentarau bat bihurritu zuen euskal preso politikoei zigorrak luzatzeko helburuarekin. Zuzentarau haren arabera, Europako beste estatuetan betetako zigor urteak kontabilizatu behar dira zigorraren topetik. Espainiar Estatuak egin zuen trikimailuaren ondorioz, Frantziar Estatuan kondena bete ondoren, Espaniar Estatuko espetxeetara zigorra betetzera ekartzen ziren EPPKko kideei ez zitzaien kontuan hartzen jada betetako urteak eta kontagailua zerotik abiatzen zen. 2024ko udazkenean, azkenean, trikimailua bertan behera utzi zuen Espainiako Diputatuen Kongresuak, espainiar legedia Europako legedira egokituz. Salbuespen legedia eraisteko bidean, urrats garrantzitsua izan zen.

Urratsez urrats, konponbidera

Ipar Euskal Herrian jada egoera berria ireki da eta ia euskal preso politikorik gabe geratuko dira Frantziar Estatuko espetxeak. Hego Euskal Herrian, EAEko espetxe eskumena eskuratu izanak ere egoera berria ekarri du. Jada EPPKko kideen erdia modu batean edo bestean kalea zapaltzen ari da. Legedi arrunta modu zorrotzean aplikatuko balitz, gehienek kalea zapaltzen egon beharko lukete. 7/2003 salbuespen legeak bere horretan segitzen du momentuz. 120 preso daude egun. Bestetik, 16 iheslari eta hiru deportatu geratzen dira, baina konponbide zailarekin momentuz, Auzitegi Nazionalak ezartzen dituen oztopoen ondorioz.
Salbuespenezko espetxe politikaren ondorioz, urte guzti hauetan, 18 euskal preso politiko hil dira espetxean eta larriki gaixo kaleratuta beste 17 hil dira.

Harrera elkartea

2012an Harrera Elkartea sortu zen preso, iheslari eta deportatu politikoak euren etxeetara itzultzean euren bizitzak modu duinean eraikitzen laguntzeko. Izan ere, urte asko etxetik kanpo pasa ostean, ez da erraza izaten egunoko bizitzari aurre egitea. Harrera Elkartea lau esparrutan asistentzia emateko sortu zen: laguntza juridiko administratiboa norbere egoera arautzeko, laguntza medikua osasun arazoei aurre egiteko, laguntza ekonomikoa lehen hilabeteetan bizi ahal izateko edo pentsioa osatzeko eta azkenik, lana bilatzen laguntzen die, norbere bizitza ekonomikoa modu autonomoan garatu ahal izateko.
Hamarkadetan zehar elkartasun ekonomikoa beharrezkoa izan da bisitetako gastuei eta gastu juridikoei aurre egiteko. Gero eta preso gehiago kalea zapaltzen ari diren honetan, behar horiek murriztu dira baina behar berriak agertu dira. Aipatutako birgizarteratze prozesuak baliabide ekonomiko handiak eskatzen ditu etxera itzuli diren euskal preso, iheslari eta deportatu horiek bizitza duin bat garatzeko aukera izan dezaten. Elkartasunak ezinbestekoa izaten segitzen du.