Mugimendu baten historia
Etapa guztiak
XX. mende hasieran euskal abertzaletasuna sortu zenetik, nazionalismoa eta sozialismoa korronte bateraezin gisa proiektatzen ziren. 30eko hamarkadan hori aldatzen hasi zen.
Abertzale eta ezkerreko lehen mugimenduak 30eko hamarkadan

1930
1930eko azaroaren 30ean, San Andresko Manifestuarekin Eusko Abertzale Ekintza (EAE-ANV) alderdia sortu zen Bilbon, EAJtik aldenduta. Alderdi liberal, autonomista eta laikoa zen. Azken ezaugarri hau oso garrantzitsua eta bereizgarria izan zen abertzaletasunaren baitan, Sabino Aranaren proiektu nazionalistarekin erabateko haustura irudikatzen baitzuen. 36ko gerraren testuinguruan, posizio independentistak hartu zituen eta Europako alderdi sozialisten antzeko aldarriak bereganatu. 1935ean Espainiako Fronte Popularrean sartu zen. Estatu kolpe faxistaren aurrean Errepublikaren defentsan jardun zuen. Hiru bataloi mobilizatu zituen eta Eusko Jaurlaritzan sailburu bat izan zuen.
Euzko Mendigoxale Batza (EMB)

Askatasun nazionalaz eta sozialaz hitz egiten zuen EAJren baitako korrontea izan zen, Eli Gallastegi eta Manu de la Sota buru zituena. 1921ean sortu zen Jagi-Jagi Mendigoizaleen Federazioaren adierazpen organo gisa. Jagi-Jagi astekaria 1932an hasi ziren argitaratzen, EAJk hartutako ildoarekiko kritiko. 36ko gerra amaitu ostean, erbestean taldea mantendu zuten, EMB gisa bileretan parte hartuz. Joera internazionalistadun artikuluak argitaratu zituzten, India eta Irlandako askapen prozesuei segimendua eginez, humanismoz bustitako joera antikapitalista izan zuten eta indar espainiarrekin akordioak egitearen aurkako jarrera. Aldiz, Aranaren doktrina konfesionalari eutsi zioten. Gerran, Eusko Gudarosteko kide izan ziren.
Diktadura frankista eta ETAren sorrera
Askatasun nazionalaz eta sozialaz hitz egiten zuen EAJren baitako korrontea izan zen, Eli Gallastegi eta Manu de la Sota buru zituena. 1921ean sortu zen Jagi-Jagi Mendigoizaleen Federazioaren adierazpen organo gisa. Jagi-Jagi astekaria 1932an hasi ziren argitaratzen, EAJk hartutako ildoarekiko kritiko. 36ko gerra amaitu ostean, erbestean taldea mantendu zuten, EMB gisa bileretan parte hartuz. Joera internazionalistadun artikuluak argitaratu zituzten, India eta Irlandako askapen prozesuei segimendua eginez, humanismoz bustitako joera antikapitalista izan zuten eta indar espainiarrekin akordioak egitearen aurkako jarrera. Aldiz, Aranaren doktrina konfesionalari eutsi zioten. Gerran, Eusko Gudarosteko kide izan ziren.
1936

1950eko hamarkadan, poliki poliki, etenalditik irteten hasi zen mugimendu abertzalea. Unibertsitateko ikasle talde batek EKIN taldea sortu zuen, formaziorako xedez. Gero, EAJrekin zituzten harremanak eten eta Euskadi Ta Askatasuna (ETA) erakundea sortu zuten 1958an. 30eko hamarkadako mugimendu abertzalearekiko jauzi ideologiko izugarria ekarri zuen ETAk. 1967an askatasun nazionalerako mugimendu sozialista iraultzaile gisa definitu zuen bere burua erakundeak.
1950

50eko hamarkadako gertakarien oihartzuna Euskal Herrian
II. Mundu Gerra amaituta, EAJk Estatu Batuengan zuen esperantza frankismoarekin amaitzeko. Baina Sobietar Batasunak ordezkatzen zuen bloke komunistaren aurkako gerra hotzaren testuinguruan, AEBk frankismoa bere horretan mantentzea baimendu zuen. 50eko hamarkadatik aurrera, Euskal Herrian ere eragina izan zuten gertakari garrantzitsuak gertatu ziren.
1950eko hamarkadan, poliki poliki, etenalditik irteten hasi zen mugimendu abertzalea. Unibertsitateko ikasle talde batek EKIN taldea sortu zuen, formaziorako xedez. Gero, EAJrekin zituzten harremanak eten eta Euskadi Ta Askatasuna (ETA) erakundea sortu zuten 1958an. 30eko hamarkadako mugimendu abertzalearekiko jauzi ideologiko izugarria ekarri zuen ETAk. 1967an askatasun nazionalerako mugimendu sozialista iraultzaile gisa definitu zuen bere burua erakundeak.
1963

Abertzaletasunaren loraldia
ETAk borroka nazionala eta soziala uztartzeko apustua egin zuen. Bi borroka horiek, txapon beraren bi aldeekin alderatu ziren: independentzia eta sozialismoa. 1967an ospatutako V. Biltzarrean, herri altxamenduaren bidez askapen nazionala eta soziala erdiestea pentsatu zuen. Horretarako, subjektuari buruzko teorizazio berriak egin zituen (Euskal Langile Herria), ekintza-erreakzioa-ekintza espiralean oinarritutako estrategia jarri zuen abian eta lau frontetan antolatu zen: politikoa, kulturala, langilea eta militarra. Borroka armatuan jauzia eman zuen ETAk. Pardines Guardia Zibila hil zuen 1968an kontrol batean eta geroxeago Guardia Zibilek Txabi Etxebarrieta exekutatu zuten Tolosako Benta Haundi ostatuaren parean. Astindu handia eragin zuen euskal jendartean gertakariak. Urte berean Meliton Manzanas komisario torturatzailea hil zuen ETAk. 1970ean Burgosko Prozesua gertatu zen, euskal askapen borrokarekiko atxikimendu handia bilduz nazioartean. 1973an Txikia komandoak, Carrero Blanco presidentea hil zuen, Francoren asmoak baldintzatuz.
1967

Kultura
Kultur esparru askotan loraldi garaia izan zen 60ko hamarkada. Euskaltzaindiak euskara batua sortu zuen. Artearen esparruan Euskal Eskola deituaren baitan, Gaur, Orain, Emen eta Danok taldeak osatu ziren, euskal arte plastikoan eta eskulturan iraultza eraginez. Jorge Oteiza, Eduardo Chillida, Jose Luis Zumeta, Nestor Basterretxea eta beste hainbat izen handi bildu zituen. Musikaren esparruan, Ez Dok Amairu taldea osatu zen, Lurdes Iriondo, Artze anaiak, Mikel Laboa, Benito Lertxundi, Xabier Lete eta beste hainbatekin batera. Zineman, Ama Lur filma argitaratu zuten Fernando Larruquert eta Nestor Basterretxeak. Arte eszenikoetan, Eneko Irigaraik Jarrai antzerki taldea sortu zuen. Literaturan, Txillardegik Letuariaren Egunkari Ezkutua lehen euskal eleberri modernoa argitaratu zuen; Ramon Saizarbitoriak Egunero Hasten Delako eleberria publikatu zuen; Gabriel Arestik Harri eta Herri poesia liburua argitaratu zuen. Hezkuntza esparruan, euskaraz ikasi ahal izateko Ikastolen mugimendua gorpuzten hasi zen, Elbira Zipitriak ekindako bideari segiz. Euskarazko prentsan, Zeruko Argia eta Jakin aldizkariak erreferentzia ziren.

1966
Erregimen frankistaren Sindikatu Bertikala zen garaiko sindikatu legal bakarra. Hala ere, langile mugimendua antolatzen hasia zen. 60ko hamarkadako grebarik ezagunena eta garrantzitsueta Euskal Herrian Laminación de Bandas en Frio Etxebarriko enpresako langileek egin zutena izan zen. 163 eguneko greba izan zen, 1966 eta 1967 artean. Frankismoko grebarik luzeena izan zen. Errepresio handiz erantzun zion grebari erregimenak, Salbuespen Egoera ezartzeraino. Baina elkartasun handia ere eragin zuen, beste hainbat enpresatan ere geldialdiak eginez eta manifestazioak antolatuz.
1969an Francok Juan Carlos Borboikoa izendatu zuen bere ondorengotzarako. Diktadorearen heriotza gerturatu ahala, balizko erreforma demokratiko baterako posizioa hartzen hasi ziren eragile politiko ezberdinak. ETAk egoera berriari aurre hartu eta egokitzeko hautua egin zuen, bere baitako zatiketa giro betean. 1975eko azaroaren 22an, Franco hil eta bi egunera, hartu zuen estatu burutza Juan Carlos I. Erregeak.
1969

Aldaketarako ateak ireki ahala, ezker abertzaleak irakurketa zorrotza egin eta haustura demokratikoa ala erreformaren arteko aukeraketa egin behar zela ondorioztatu zuen. Bere borroka antifrankista izateaz gain, demokraziaren aldekoa ere bazen eta beraz, Francoren heriotzarekin ez zen ezer amaitzen. Alderdi politiko garrantzitsuenek espainiar elite oligarkiko batek agindutako erreformaren alde egin zuen. Testuinguru horretan, haustura demokratikorako minimoen eskaintza plazaratu zuen batetik (KAS Alternatiba) eta, fronte abertzale baten aldeko apustua egin zuen bestetik (Txibertako elkarrizketak) , herri gisa aritzeko konpromisoa eta borondatea erakutsiz.

1975
Antolakuntza ereduan ere aldaketa sakonak egin zituen. Behin erreforma martxan zela, ondorengo urte luzeetarako borroka antolatu beharra zegoen. Antolaketa politiko eta sozialerako hautua egin zuen ezker abertzaleak, Espainiar Estatuan gertatzen ari zen legalitate demokratiko berriaren baitan egitura politiko, sindikal eta sozialak antolatzeko. 1975ean, Angel Otaegi eta Jose Antonio Garmendiaren aurkako heriotza zigorrak zirela eta, Koordinadora Abertzale Sozialista (KAS) eratu zen, heriotza zigorren aurkako dinamika koordinatzeko. LAIA, HAS eta EAS alderdiak; LAB, LAK eta ELI langile erakundeak eta, ETA (m) eta ETA (pm) bildu zituen hasiera hartan.

EHASetik HASIra

Ipar Euskal Herrian Enbata alderdia debekatu ostean, hainbat militantek Herriko Alderdi Sozialista (HAS) sortu zuten 1974ko martxoan. Manex Goyetche eta Jean Luis Davant izan ziren erreferente nagusiak. Hego Euskal Herrian, ETAn miliak eta polimiliak banandu ostean, lehenengoek fronte politiko independentista bat eratzeko deia egin zuten. 1974ko azaroan, Euskal Alderdi Sozialista (EAS) sortu zen Santi Brouard buru zela. Euskal estatu independente, sozialista eta euskalduna helburu, estrategia politikoa marraztu zuen.

Alkateen mugimendua
Frankismoaren amaieran eta zehazki 1976ko udaberrian zehar pixkanaka alkateen mugimendua bezala ezagutzen dena sortuz joan zen, euskal kulturari lotutako antolakundeetan aritutako hainbat pertsona zinegotzi izatera iritsi zirelako eta beste batzuk zenbait alkatek kargua uztearen ondorioz alkate bihurtu zirelako. Bergarako Udalak eskubide foralen aitorpena eskatu zuen, Hondarribiko Udalak eskaera horrekin bat egin zuen eta baieztapen foralen adierazpenak ez zuten etenik izan euskal udaletako plenoetan. 1976ko uztailaren 21ean, 1876ko uztailaren 21ean foruak indargabetu zituen legearen mendeurrenean, 69 euskal udaletxek Bergarako udaletxera joateko eta kontzentrazio herrikoi bat burutzeko deialdia egin zuten, Guardia Zibilak jarritako kontrol zorrotzek oztopatu nahi izan zutena.
1976
Hala eta guztiz ere, ez zuten bere helburua bete eta Bergaran ezohiko bilkura bat burutu zen, beste euskal udaletxeetako ordezkarien partaidetzarekin kontatu zuena. Jose Luis Elkorok, udaletxeko balkoitik eta Bergarako plaza jendez beterik eta ikurrinaren bat zabalduta zegoelarik, “Bergarako Manifestua” bezala ezaguna izango zen manifestua irakurri zuen, zeinak berrezarpen forala eskatzen zuen. Berrezarpen forala eskatuz edo euskal legeetara itzulera eskatzen zuen lehen ekitaldi honek Euskal Alkateen Mugimenduari hasiera eman zion, zeinak euskararen ofizialtasuna, ikurrinaren legalizazioa, preso guztien amnistia eta berrezarpen forala nahiz Euskal Herriarentzako autogobernua eskatzen bukatu zuen. Irailean 17 alkate Espainiako Gobernuarekin bildu ziren.

Altsasuko Mahaia eta Herri Batasunaren sorrera
1977ko ekainean lehen Hauteskunde Orokorretan alderdi independentista eta iraultzaileek debekatuta segitzen zuten. Alderdi bakoitzak bere aldetik jo zuen, oro har emaitza kaxkarrak ateraz. ETA pm-k eta EIAk hauteskundeetan parte hartzearen alde egin zuten eta Euskadiko Ezkerra (EE) koalizioa sortu zuten EMKrekin. ETA m-k, EHASek eta LAIAk abstentzioaren aldeko deia egin zuten, baina ez zuen aparteko erantzunik izan. Udal hauteskundeei begira, alderdi abertzaleek (EAJ salbu) elkarrekin jarduteko ahalegin berri bat egin zuten. Altsasuko Mahaia deritzona osatu zuten EIA, LAIA, ESEI, EAE-ANV, HASI eta ESB alderdiek. ESEI izan ezik, besteak akordiora iritsi eta Altsasuko Manifestua [05 DOKUMENTUA] aurkeztu zuten 1977ko urriaren 24an. Aldiz, EIAk, Altsasuko Mahaia utzi zuen gutxira. Horrek, Herri Batasunaren sorrera azkartu zuen beste alderdien artean. Aurretik, abuztuan, KAS ere utzi zuen EIAk.
1977

1978
Txibertan fronte abertzalea eratzeko ahaleginak huts eginda, KASen biltzen ziren eragileak baino are plataforma zabalagoa eskainiko zuen eragile bat osatzeko apustua egin zuen ezker abertzaleak. 1978ko apirilaren 27an Herri Batasuna aurkeztu zuten HASI, LAIA, ESB eta EAE-ANV alderdiek osatutako hauteskunde koalizio gisa [06 DOKUMENTUA]. KAS Alternatibaren printzipioak bere egin zituen. Bere zeregina, hauteskundeetara aurkeztea eta herri mobilizazioa sustatzea. Astebete beranduago, herri batzarrak bultzatzeko erabakia hartu zuen koalizioak.

Konstituzio honi ez
1978an Espainiar Konstituzioari buruzko erreferendumaren baino aste batzuk lehenago, urriaren 19an, Sostengu Taldea aurkeztu zuen Herri Batasunak Bergaran. Ekimen honekin, agerian geratu zen proiektuaren klase arteko izaera zabala eta herritarra. Telesforo Monzonek egin zuen aurkezpena: “Atturritik Ebroraino, atzoko eta gaurko gudariei, atzoko eta gaurko erbesteratuei, atzoko eta gaurko presoei. Ez dugu berdin pentsatzen hemen bildu garen guztiok, ezta beharrik ere. Denok maite dugu Euskal Herria eta horrexek batzen gaitu; horrek eta gure herriaren irtenbidea batasunetik etorriko denaren uste sendoak.” Jokin Gorostidik aurkeztu zituen batzordeko kide independenteak: Xabier Añua, Xabier Palacios eta Xabier Sanchez Erauskin Arabatik; Jon Idigoras, Jose Angel Iribar eta Francisco Letamendia “Ortzi” Bizkaitik; Jose Luis Elkoro, Jokin Gorostidi eta Telesforo Monzon Gipuzkoatik; eta Jose Maria Aguado, Josu Goya eta Patxi Zabaleta Nafarroa Garaitik. HASIko idazkari orokorra zen Txomin Ziluagak Herri Batasunaren helburuak lortzeko egun hartan ematen zen urratsaren garrantza azpimarratu zuen.

Herri Batasunak bere lehen mobilizazioa urriaren 28an egin zuen Bilbon, “Atzoko eta gaurko gudarien alde” lelopean. Errepresio bortitza jasan zuten manifestariek, egun berean EAJk deituta ETAren aurkako lehen manifestazioa egiten zuten bitartean. Ondoren, Espainiar Konstituzioaren aurkako kanpainan murgildu zen HB. “Konstituzio honi ez” leloarekin egin zuen kanpaina, hiru arrazoi nagusigatik: zentralista eta eta antieuskalduna izateagatik, kapitalista eta langileen interesen aurkakoa izategatik eta azkenik monarkikoa eta ondorioz antidemokratikoa zelako [07 DOKUMENTUA]. Euskal Herrian ez zuen babesik jaso Konstituzioak: euskal herritarren erdia baino gehiago (% 51) abstenitu egin zen, % 10ak kontra bozkatu zuten, % 5 nuloak izan ziren eta aldeko bozka soilik % 35ekoa izan zen.

Hauteskundeak eta Gernikako Estatutua
HBren lehen hauteskundeak 1979ko Hauteskunde Orokorrak izan ziren. 174.646 boto eskuratu zituen, Euskadiko Ezkerrarenak (EE) bikoiztuz, baina alderdi nagusiak baino koxka bat beherago geratuz [08 DOKUMENTUA]. HBk espainiar Gorteetan eskuratutako aulkietan ez esertzea erabaki zuten, oinarriek egindako eztabaida sakonean. Bestetik, euskal preso politikoak zerrendan sartzeko apustua egin zuen lehen aldiz. Hurrengo zita udal hauteskundeak izan ziren. HBk bere indar munizipalista erakutsi zuen “Alkaterik onena, Herria!” leloarekin: EAJk 360.000 boto eskuratu zituen lau herrialdeetan, HBk 223.146 boto, PSOEk 195.175 eta UCDk 180.980.
1979

Konstituzioa idazten zen bitartean, Euskal Herrirako autonomia estatua osatzeko prozesua ere martxan jarri zen. 1977ko hauteskundeetan eratutako ordezkaritza politikoek Euskal Parlamentarien Asanblada osatu zuten eta Gernikako Juntetxean autonomiaren aldeko konpromisoa berretsi zuten. Ezker abertzaleak ez zuen ordezkaritzarik izan. Espainiako gobernuak modu guztietako presioak baliatu zituen hasieratik, Nafarroa Garaiak gainontzeko euskal lurraldeekin ez zezan parte hartu inolako proiektu politiko-instituzionaletan.

Aurkeztu ziren 18 estatutu proposamenen artean lau izan ziren hautatuak. Ezker abertzaleak aurkako jarrera azaldu zuen hasieratik, Estatutua idatzi aurretik ere azaltzen ari ziren muga guztiengatik [09 DOKUMENTUA]. KAS Alternatiban ezarriak zituen bere oinarriak ezker abertzaleak. 1979ko urriaren 25ean egin zen azkenik Gernikako Estatutuaren erreferenduma Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan. Zentsoaren % 53ak eman zion baiezkoa. Hego Euskal Herriaren lurralde zatiketa sakondu zuen, Espainiaren batasun proiektua indartuz. [10 DOKUMENTUA] Nafarroa Garaiko estatutua, Foru Amejoramendu gisa izendatua, 1982an onartu zen Nafarroako Parlamentuan, herritarrei galdetu gabe.
Behin 78ko erregimena ezarrita eta lurralde zatiketa gauzatuta, Herri Batasuna bilakatu zen hortik kanpo geratutako eragile garrantzitsuena. Gauetik goizera frankistak demokrata bilakatu ziren. Estatu egitura frankistak ez ziren aldatu. Nahiz eta Gernikako Estatutuak EAEn eta Foru Hobekuntzak Nafarroa Garaian estatu egitura batzuk eraikitzen hasteko bidea ireki zuen, erreformaren mugak hasieratik argi geratu ziren. 1981ean estatu sakonak estatu kolpea eman zuen. 1982an, LOAPA legea onartu zen, “autonomien armonizazioa” helburu zuena, hau da, trantsizioaren mugak ezartzeko tresna izango zen. Testuinguru horretan, ezker abertzaleak Estatuarekin negoziaketa bilatzeko estrategiari ekin zion.
HASIren gidaritza politikoa KAS Blokearen baitan
1978an HASIk lehen Kongresua egin zuen Urberoagan. Zuzendaritzako bost kidek uko egin zioten karguari, euren ponentzia ideologikoa gutxiengoan geratu zelako; tartean zen Alberto Figueroa. Txomin Ziluagak hartu zuen idazkari nagusi kargua. HASI alderdi marxista-leninista gisa ezaugarritu zen, baina KASen baitan uzten zuen aitzindaritza funtzioa. Apustu honen ondorioz, LAIAk KAS Blokea utzi zuen.

1983an II. Kongresua ospatu zuen HASIk. Alderdi indartsua zen ordurako, nahiz eta ilegala izaten jarraitzen zuen bere izaera independentistagatik. Herri Batasunaren egituren baitan presentzia handia zuen alderdia zen. Alderdiak garesti ordaindu zuen bere konpromiso politikoa. 1984ko azaroaren 20an, GALek Santi Brouard hil zuen, HASIren presidentea bere sorreraz geroztik.

Herri Batasunako kideen aurkako atentatuak
HBren hasiera panorama politikoan gogor kolpatu zuten Estatu aparatuek. 1979ko irailaren 24an, Hernaniko alkatea Juanjo Uria onik atera zen bere aurkako atentatuan. Urte bereko urrian, Tomas Alba HBren Donostiako zinegotzia hil zuen komando parapolizial batek. Azaroaren 11n Guardia Zibilak Mikel Arregi, Etxarri Aranatzeko zinegotzia hil zuen. 1980ko abuztuaren 30ean HBko militantea eta Egin egunkariaren sortzaile Angel Etxaniz hil zuen komando parapolizial batek Ondarroan. Uztailaren 23an Antton Artiñano Zeberioko zinegotziaren aurkako atentatuan hiru lagun hil ziren, tartean haurdun zegoen emakume bat. 1984ko azaroaren 20an, GALek Santi Brouard HBko Legebiltzarkidea eta pediatra hil zuen bere kontsultan. Egun batzuk beranduago Jon Idigoras onik atera zen bere aurkako atentatutik Zornotzan. 1988an Fermin Urtizberea Hondarribiko zinegotzia bahitu zuten hiru egunez indar parapolizialek. 1989ko maiatzean Patxi Erdozain nafar parlamentaria bere aurkako bonba gutuna jaso zuen; onik atera zen. Aldiz, irailaren 20an Jose Antonio Cardosa Oreretako postaria hil egin zen, Idelfonso Salazar HBko zinegotziarentzat zen bonba gutunak eztanda eginda. 1989ko azaroaren 20an mertzenarioek Josu Muguruza hil zuten tiroz Madrilen, diputatu akta jaso eta ordu gutxira. Iñaki Esnaola larri zauritu zuten ekintza berean.

Atentatuez gain, ugariak izan ziren Herri Batasuneko kideen atxiloketa eta espetxeratzeak ere. Euskal preso politikoen aldeko mobilizazio baten harira, 40 lagun atxilotu zituen poliziak, tartean HB eta LKIko militanteak. Erdiak espetxeratu zituzten, tartean HBko buruzagi gehienak, euskaraz deklaratzeagatik epailearen aurrean. Ia Gipuzkoa osoa geldiarazi zuen greba orokor baten ostean, denak askatu zituzten Telesforo Monzon izan ezik. 74 urte zituen ordurako Monzonek, baina gose grebari ekin zion bere osasun egoera asko kaltetuz. Hilabetera aske geratu zen, Espainiar Gorteetarako diputatu hautatua izan ostean.

Herri Batasunaren legeztatzea
1981eko otsailaren 4an Juan Carlos I Espainiako Erregeak eta Francoren ondorengoak, bisita egin zuen Gernikako Juntetxera. HBko kideek Eusko Gudariak abestuz eten zuten bere hitzartzea. 1994ra arte luzatu ziren ekintza horregatik epaibideak, absoluzioarekin. EAJko talde berezi batek kanporatu zituen HBko kideak juntetxetik. Otsailaren 23an estatu sakonak egindako estatu kolpe saiakeratik hilabetera, HBko kideen aurkako atxiloketa gehiago egin zituen poliziak. Maiatzaren 8an Juan José Rosón epailearen aginduz HBko 25 ordezkari instituzional atxilotu zituzten. Hurrengo eguneko prentsaurrekoan Francisco Letamendia “Ortzi”, Periko Solabarria, Jon Idigoras, Mikel Arizaleta, Joselu Cereceda eta Karmel Etxeberria atxilotu zituzten. Erregea edo bandera iraintzeagatik espetxera kondetatutako zinegotziak ere ugariak izan ziren urteetan zehar.

1983an “Nazio burujabetza eta normalizazio demokratikoa” lelopean manifestazio jendetsua egin zuen Bilbon HBk. 1984an GALen kontra Baionako suprefeturan kateatu ziren 100 hautetsi. Iheslarien estradizioen aurkako greba orokorra deitu zuen eta Europar Parlamentura sinadurak bideratu. 1985ean, barne hauteskundeak egin zituen Herri Batasunak eta Mahai Nazionala berritu. 31 kidez osatutako mahaiak HASI eta EAE-ANVko zortzi delegatu izan zituen (LAIA eta ESB 1979an irten ziren HBtik). 1986ko ekainaren 2an, azkenik, Herri Batasuna legeztatu zuen espainiar justiziak.
1985ean Martxa eta Borroka izeneko kanpaina abiatu zuen Herri Batasunak. [11 DOKUMENTUA] Espainiar trantsizioaren iruzurrak eta krisi ekonomiko larriak baby boom belaunaldiko gazteen deskontentua eragin zuten. Euskal Herrian rock eta punk musikaren bueltan protesta kantua ardatz zuen mugimendu oso bat eratzen hasia zen, Euskal Rock Erradikala izenez ezagun dena. Jaiak bai, borroka ere bai kanpainarekin, HBk mitinak eta kontzertuak konbinatzen zituen bira arrakastatsua antolatu zuen, gazteria gutxi asko ezker abertzalearen bueltan identifikatzea lortuz.

NATOri buruzko erreferenduma eta 1987ko hauteskundeak
“OTAN ez, Euskal Herria bai” izan zen Herri Batasunaren leloa. PSOEren Gobernuak 1986 martxoaren 12an Espainia NATOn mantentzeari buruzko erreferenduma antolatu zuen. Hego Euskal Herrian herritarren % 60ak kontra bozkatu zuen, lau herrialdeetan ezezkoa gailenduz. Salbuespena izan zen Estatuan Katalunia eta Kanariar irlekin batera. Espainiar estatuan baiezkoak irabazi zuen botoen % 56,85 bilduta.










