Bilatu Sortu.eus-en

Bilaketa aurreratua

Zer gara

Sortu euskal nazio askapen mugimenduaren ibilbide historikoa eta kapital politikoa jaso eta berritzen duen alderdi mugimendua da. Sorturen helburu estrategikoa Euskal Herri batua, independentea, sozialista, feminista eta euskalduna eraikitzea da. Proiektu honek gure herriaren garapena bermatu eta jendarte eredu justua, parekidea eta berdinzalea lortzea du helburu; inolako esplotazio eta zapalkuntzarik gabeko Euskal Errepublika eraikitzea, alegia.

Estatutuak

Deskargatu hemen Soruten estatutuak

Gure misioa: Euskal Herriaren independentziarako indarra gara

Sortu independentziarako indarra da. Euskal Herrian askapen nazionala eta askapen soziala eskuratzeko helburua duen heinean, gure herriaren herritmoa bizitzeko ekimenak pentsatu eta garatzen ditu, ezker abertzaleko kidegoa antolatuz. Horretarako:

  1. Sortuk prozesu independentista-eraldatzeilea bizkortzeko lan egiten du, eta horretarako Euskal Herriaren burujabetzaren eta erabakitzeko eskubidearen aldeko pultsu politikoa sustatzen du etengabe. Horrekin batera, arnas luzeko ekimen politikoak jorratzen ditu epe erdi-luzerako estrategiak eskainiz eta jendartea antolatuz.
  2. Sortuk, Euskal Herriaren askapen prozesuak behar duen tresneria politikoa sortzeko edo/eta sustatzeko misioa du. Izan eragile instituzionalak, sindikalak, gazte mugimendukoak, bizikidetzaren aldekoak zein aldarri eraldatzaile ezberdinen aldekoak (feministak, ekologistak, euskaltzaleak, antiarrazistak…).
  3. Sortuk guzti horretarako, ezker abertzalearen kultura politiko-organizatiboa erreproduzitzeko misioa du, haren onenari jarraituz eta emari berriak jasota hobetuz, gure kapital historikoa biderkatzeko. Kultura politiko-organizatiboa bai, baina proiektu politikoan sakontzea ere bai. Batzen gaituena proiektu politikoa da.
  4. Azkenik, Euskal Herriko askotariko adierazpen organizatiboak askapen prozesuaren zerbitzura jardun daitezen lan egiten du.

Gure proiektua

Sortu erakunde politiko iraultzailea da, eta bere helburua Euskal Herri independente, sozialista, feminista, euskalduna eta ekologista erdiestea da. Horrek, gaur egungo fase politikoan, prozesu independentista eta eraldatzailea garatzea beharresten du, estatu berezitu, burujabe eta sozialki aurreratua eraikitzeko: zazpi lurralde historikoek osatutako Euskal Errepublika.

Ezker abertzalearen sorreran nazio borroka eta klase borroka txanpon beraren bi aldeak zirela ebatzi genuen; jakinda, beti ere, klase borroka konstante bat dela, baina, Euskal Herriaren biziraupena ez dagoela bermatuta. Gure hipotesi estrategiko horretatik dator burujabetzaren aldeko errotiko taupada. Zorionez, errekaren urak aldatuz doaz, ur korronte berriekin elikatzen baita, historiaren joan etorrian. Burujabetzaren taupada erroko aldaketa sozial eta politikoarekin lotzen den heinean, gure hipotesi estrategikoa askotariko zapalkuntzekin osatu eta txirikordatu behar da, etengabean, eta mugimendu ematzipatzaileen ekarpena bildu, egun, krisi ekologikoa, zaintza krisia, arrazakeria, indarkeria matxista eta bestelakoak ekuaziora ekarriz.

Sortu erakunde independentista, feminista, ekologista, euskaltzale, antiarrazista, antifaxista, sozialista eta, beraz, antikapitalista da, bere zapalkuntza eta menperatzeekin etengabean uztartzen den kapitalismoa guztiz kaltegarria eta inmorala baita, planeta bera arriskuan jartzera iritsi delarik. Sortuk hautu antikapitalista pragmatikoa egiten du, hau da, eraldaketa kapitalismotik harago joan eta beste eredu bat eraikitzeko bide  gisa irudikatzen du. Gurean, burujabetze hautua da zerumuga post-kapitalistara joateko ibilbidearen gakoa, jendarte borroka askatzaileen artikulazio zerumuga partekatu indartsu eta emankorra baita Euskal Errepublikaren eraikuntza.

Nazio askapen mugimendua gara

Sortuk, ezker abertzalearen ildo politiko orokorraren hausnarketa, eztabaida eta erabaki markoa da. Ezker abertzalea, ordea, mugimendu zabalagoa da eta gaur egun nazio askapen mugimenduaren emari historikoa jasotzen duten beste bi antolakunde ere mugimendu honen ardatzak dira.

Ernai gazte antolakundea.
LAB sindikatua.

Bestetik, Sortuk ideien borrokan eragiteko, askapen mugimenduaren memoria gaurkotzeko eta trebakuntza politikoa jorratzeko fundazio bat dauka.
Iratzar Fundazioa.